
Komunitate zaintzaileen garapena bereziki garrantzitsua da zenbait erronkari aurre egiteko, horien artean nahi gabeko bakardadea, biztanleriaren zahartzea, sare sozialen hauskortasuna edo kontziliazio zailtasunak.
Egoera horien aurrean, lan komunitarioak beharrei aurrea hartzeko, hurbileko laguntzak sortzeko eta kide sentimendua indartzeko aukera ematen du. Arreta indibidualean bakarrik oinarritutako ereduetatik zaintzaren ikuspegi zabalago, prebentiboago eta komunitarioago baterantz aurrera egitea da helburua.
Pertsonen ongizatea ez dago zerbitzu profesionalen edo familia sareen mende bakarrik, baizik eta ingurune bakoitzak beharrak detektatzeko, laguntza eskaintzeko eta konfiantzan, hurbiltasunean eta elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko duen gaitasunaren mende.
Jarduera arlo honek zenbait ekimen bultzatzen ditu, lankidetza modu berriak sustatzera eta administrazio, gizarte erakunde, saltoki, elkarte eta herritarrak ingurune inklusibo, irisgarri eta zaintzaileagoak sortzen inplikatzen laguntzera bideratuta. Arlo honetan, esaterako, Auzosare eta Herriz Herri proiektuak garatzen ditugu, sentsibilizazio ekintza, topaketarako espazio, prestakuntzarako espazio eta dinamika parte hartzaileen bidez, zaintza ekosistema lokalak sortzea sustatzeko. Proiektu horiek komunitate bakoitzean erantzuteko gaitasuna indartzen laguntzen dute.



